sábado, 28 de abril de 2012

Ezkontzeagatik kaleratutako irakaslea berriz onartzea agindu dute


Epaileak Hezkuntza Ministerioari Resurreccion Galera erljio irakaslea berriz onartzeko agindu dio bost eguneko epean eta kurtso amaiera arte, ez baitzioten kontratua berritu 2001/2002 ikasturtean eskola publikoan, zibiletik banandutako gizonezko batekin ezkontzeagatik. 
Almeriako 3 zenbakiko Gizarte Arloko Epaitegiak emandako autoaren arabera, Ideal egunkariak aurreratuta, lan harremanaren aldi baterako izaerak ezin du aldatu erlijioko irakasleak kaleratu zutenean zuen harremana.
Juan Carlos Aparicio magistratuak azaldu duenez, ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretuak erlijioko irakasleen lan harremana aldatu zuen, beraz, data hori baino lehen kontratatuta zeuden irakasleak lan harreman mugagabea izatera pasatuko ziren, arauaren baldintzak betetzen zituzten bitartean.

jueves, 26 de abril de 2012

Gernika, 75 urteren ostean


Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete den honetan, bertako herritarrek eta euskal gizarteak gertuko historian bizi izan duten unerik latzena ekarriko dugu gaur gogora.

Hainbat ekitaldirekin eta omenaldirekin gogoratuko dute gaur, Gernikan bertan, orduan gertatutakoa. Horietako batek Roman Herzog Alemaniako presidente ohia izango du protagonista. 1994a eta 1999a bitartean izan zen presidente, eta Gernikako bonbardaketa Kondor legioko hegazkinek egin zutela aitortu zion Gernikako Udalari, eskutitz bidez, 1997an. Gertatutakoagatik dolumina agertu zuen testu horretan, eta keinu eta aitorpen hori eskertzeko, VIII. Gernika Saria emango diote gaur. 
Lokarrik eta Gernika Gogoratuz ikerketa egoitzak ere saria jasoko dute.

Gernikan egingo dituzten omenaldietan Patxi Lopez lehendakaria, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentea, Martin Garitano ahaldun nagusia eta Reinehard Silberberg Alemaniako enbaxadorea izango dira, besteak beste.

Ostegun honetan Nestor Basterretxea artistaren 'Suaren Agonia' eskultura inauguratuko dute Gernikan, eta 'Gernika bajo las bombas' bonbardaketaren inguruan egin den lehen filma estreinatuko dute. ETBren ekoizpen da.

Arratsaldez, lore eskaintza egingo diete bonbardaketan hildakoei, eta, ondoren, 'Gernika Sutan' kale antzerkia ikusteko aukera egongo da, gernikarrek antzeztua.
Kandelekin eta isiltasunean murgilduta bukatuko dituzte eguneko omenaldiak.

miércoles, 25 de abril de 2012

Absolbitu egin dute Islandiako lehen ministro ohia


Auzitegiak absolbitu egin du Geir H. Haarde Islandiako lehen ministro ohia, 2008ko urrian Islandiako banku sistemak izan zuen kolapsoan erantzukizunik izan zuen argitzeko egindako epaiketan. Gertakari horrek porrot egiteko zorian jarri zuen herria.
Epaiaren arabera, horri egotzitako lau kargutik hirutan absolbitu du epaimahaiak, baina zigortu egin du egoera aztertzeko Ministroen Kontseiluaren bilerak ez deitzeagatik.
Haarde kontserbadorea (61 urte) gobernuburua izan zen 2006 eta 2009 artean. Kartzela-zigorra saihesteaz gain, ez du isunik ez epaiketaren gasturik ordaindu beharko, eta gastu horiek Islandiako Estatuak hartu beharko ditu bere gain.

martes, 24 de abril de 2012

Protesiak eta anbulantzia zerbitzu batzuk ordaindu egin beharko dira


Osasun zerbitzu publikoaren erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute protesien, larrialdietarako ez diren anbulantzien joan-etorrien eta produktu dietetikoen truke, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) gaur goizean publikatutako murrizketa neurri berrien arabera.

Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, biztanleriak uztailaren 1etik aurrera medikamentuen truke gehiago ordaindu beharko du.

Horrez gain, modu irregularrean dauden etorkinek ez dute doako osasun zerbitzua izango, aurtengo irailetik aurrera. Kasuen arabera, salbuespenak egingo dituzte. 

Hala ezartzen da Osasun Sistema Nazionalaren egonkortasuna eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna bermatzeko premiazko neurrien Errege Lege Dekretuan.

jueves, 19 de abril de 2012

Gehienez 18 euro ordainduko dituzte pentsiodunek botiken truke, hilean


Ordaindutakoaren araberako erretiro pentsioak dituztenek sendagaien % 10 ordaindu beharko dute; erretiro pentsioaren arabera, gehienez 8 eta 18 euro artean ordaindu beharko dituzte hilean. Bestalde, erabat doakoak izango dira botikak prestaziorik gabeko langabeentzat.

Ana Mato Osasun ministroak zerbitzu publikoan 7.000 milioi euro aurrezteko zenbait neurri iragarri dizkie gaur erkidegoetako ordezkariei, Lurralde arteko Osasun Batzordean. Besteak beste, ‘osasun turismoa’ gehiago kontrolatuko dutela iragarri du.

Halaber, 18.000 euro baino gutxiago irabazten dituzten langileek, orain arte bezala, sendagaien % 40 ordainduko dute, eta soldata handiagoa dutenek % 50 ordainduko dute; 100.000 euro baino gehiago irabazten dituztenek, aldiz, % 60 ordainduko dute sendagaien truke.
Matok azaldu duenez, gaur adostutako neurri horiek datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan onartuko dituzte, eta bi hilabeteko epean sartuko dira indarrean.

miércoles, 18 de abril de 2012

Hiru urte igarota ere Anzaren desagerpena ez dela argitu salatu dute


Hiru urte bete dira Jon Anza Baionatik Okzitaniako Tolosara bidean desagertu zela. 9 hilabete geroago Frantziako ospitaleko morge batean agertu zen.

Familiak eta kasua argitzeko sortu zen Jon Anza Kolektiboak hitz gogorrez salatu dute Estatu frantseseko estamentu guztiek gertatutakoa argitzeko jarritako zailtasunak.
Besteak beste, familiari ospitalean egon zeneko mediku dossierra ukatzen diote eta kasuko epaileek eta fiskalek ez dute haiekin hitz egin ere.

Era berean, azken hiru urteetan Poliziaren aldetik eta epaitegietan izan diren akats guztiek Jon Anzaren desagerpenarekin lotura zuzena dutela salatu dute.
"Justiziaren jarrerak indartu egiten du Anzaren desagerpena politikoa izan zela dioen teoria", adierazi du Julien Brel abokatuak.

Hori horrela, Anzaren auzia, argitu gabe, artxibatu egingo dela uste dute senideek eta kolektiboak.

martes, 17 de abril de 2012

Erregeak Urdangarinen negozioetan parte hartu zuela esan du Torresek


Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak, Diego Torres enpresaburuak, Palmako dukearen hiru mezu elektroniko igorri dizkio Noos Institutuaren ustezko irregulartasunak ikertzen ari den epaitegiko arduradunari, Juan Carlos I.a erregeak haren suhiaren negozioen alde egin zuela frogatzen saiatzeko.
El Pais egunkariak gaur jakinarazi duenez, mezuak 2007an igorri zituen Urdangarinek, eta erregeak negozioetan bitartekari lanak egin zituela frogatzen dute, ustez. Hain zuzen ere, Amerikako Koparen 33. edizioan beste talde batek parte hartu ahal izateko bitartekaritza egin zuela erakusten omen dute. Proiektua Pedro Perello eta Jorge Forteza enpresaburuek (belazale ohiak eta infanten lagunak ere badira) sustatu zuten, baina ez zen gauzatu, kirol ekitaldiak porrot egin baitzuen.
Mezu elektronikoetako batean, Urdangarinek "erregearen mezu bat" zuela esan zion Torresi: "Niri hau kontatzeko eskatu dio erregeak Cristinari [infanta]; [Francisco] Campsek Pedrori [Perello] deituko dio, Pradako basearen [Valentziako portuaren azpiegitura batzuk] gaia komentatzeko. Ez da arazorik izango, eta hura lortzen lagunduko digute".
Mezuon arabera, Juan Carlos I.a Pedro Perellorekin batzartu zen: "Lortu dugu erregea Pedrorekin biltzea, proiektua aurkez ziezaion. Bilera arrakastatsua izan zen, eta laguntza osoa eskaini dio finantzazioa lortzeko".

lunes, 16 de abril de 2012

Atentatuen egiletza aitortu, baina errugabea dela esan du Breivikek


Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak joan den uztailean Norvegian izandako atentatuak berak egin zituela aitortu du baina "errugabea" dela adierazi du. Astelehen honetan sarraski hura argitzeko asmoz Osloko Auzitegian epaiketa hasi da. 2011ko uztailaren 22an  77 pertsona hil ziren Oslon eta Utoyan egindako atentatuetan. 

"Gertakariak egin izana aitortzen dut, baina ez erruduntasuna; neure burua defendatzeko egin nuen", erantzun dio Breivikek epaileari.

Segurtasun neurri handien artean heldu da Breivik Osloko Auzitegira. Epaiketa aretoan sartu den unean besoa altxatu du, agur faxista egiteko, eta epaimahaiari zilegitasunik aitortzen ez diola esan du. "Ez dut Norvegiako epaitegien zilegitasuna onartzen; kultura aniztasuna babesten duten alderdi politikoen aginduak jasotzen dituzte", argudiatu du.
Inga Bejar Engh fiskalak Anders Behring Breiviken kontrako akusazioa irakurri du saioaren hasieran. Ordu bete inguru iraun du, eta bertan, akusatuari egozten dizkioten "aldez aurretik pentsatutako 77 homizidioak" eta delitu terrorista ekarri ditu gogora. 

domingo, 15 de abril de 2012

Palestinaren aldeko 50 ekintzaile inguru atxilotu dituzte Israelen



'Ongi etorri Palestinara' ekimenean parte hartzeko asmoz Israelen sartzen saiatu diren bi ekintzaile espainiar kanporatu dituzte, Espainiako iturri diplomatikoek jakitera eman dutenez.Herrialdetik bota dituzten bi ekintzaileak Julio Rodriguez Bueno (IU) eta Teresa Salas (Bakea Orain) dira
Gainera, haiekin zihoazen Maite Santamaria ekintzaile donostiarra eta Donostiako Plataformako kideak Israelen sartzen lortu du, Tel Aviveko Ben Gurion Nazioarteko Aireportuko kontrolak igaro ostean. Espainiako kontsulak baieztatu duenez, Santamaria ez da Israelen erregistroetan agertzen eta Jerusalemera turismo egitera zihoala esan eta gero, sarrera baimendu diote.
Herrialde desberdinetako ehunka ekintzaile heldu dira igande honetan Israelgo aireportura, Palestinari elkartasuna erakusteko 'Ongi etorri Palestinara' ekimenean parte hartzeko.
Isaac Ahoronovich Israelgo Barne Segurtasunerako ministroak prentsaurreko batean azaldu duenez, 50 bat ekintzaile atxilotu eta laster aberriratuko dituzte. Gehienak inmigrazio zerbitzuko espetxeetara eraman dituzte; beste bederatzi herrialdetik bota dituzte jada, hiru haien hegaldien zain daude eta beste bi aireportuan daude oraindik.
Ekintzaile hauen jatorria bestelakoa da: Espainia, Italia, Frantzia, Kanada, Portugal eta Suitza, besteak beste. Ekintzaile gehienak igande gau honetan iristea espero du Poliziak.

sábado, 14 de abril de 2012

Baliteke Urquijok Donostia salatzea, Errepublikako bandera igo ostean


Carlos Urquijo EAEko Gobernuko ordezkaria Donostiako UdalekoBilduko gobernuaren aurkako "neurri legalak" aztertuko ditu, larunbat honetan Udaletxearen aurrekaldean Errepublikako bandera jarri ostean.
Gobernuko Ordezkaritzaren iturriek zabaldu dutenez, hartutako erabakiak ekar dezakeen "legezko erantzunkizuna" aztertuko du Urquijok. II. Errepublikaren urteurrenaren harira, ostiral honetan Donostiako Udaleko Batzordeak bandera errepublikarra jartzea adostu zuen.
Ordezkariaren aburuz, jazotakoa "Bilduk legezkotasunari maiz egindako beste mezpresu bat besterik ez da, koalizio independentistak Gipuzkoako gizartearen elkarbizitza tenkatzea duelako helburu". Gobernuko Ordezkaritza honen inguruan ari da informazio biltzen beste Udaletxeetan antzeko jazoera izan diren jakiteko.
Donostiako Udaleko iturriek esan dutenez, Errepublikako bandera jartzea erabaki denean, "aurreko alditan erabilitako protokolo bera jarraitu dugu, esaterako, Tibeti, Palestinari edo Saharari elkartasuna erakusteko horien bandera jarri dugunean". 

viernes, 13 de abril de 2012

Greba egunean zauritutakoaren familiak Ertzaintza salatuko du


Martxoaren 29an, greba-egunean, larri zauritu zen Xuban Nafarreteren familiak Ertzaintza salatuko duela iragarri du. Egun hartan, 19 urteko gizonezkoa larri zauritu zen, buruan kolpe handia jasota.
Herrizaingo Sailaren arabera, ertzainengandik ihesi zihoala erori egin zen eta buruan kolpea hartu zuen. Gaztearen aitak errotik ukatu du informazio hori eta Ertzaintzak buruan pilotakada bat eman ziola azaldu du. Gainera, gertatutako azaldu dezaketen hainbat lekuko daudela eta anbulantziako erizainek ere Gasteizeko epaitegian aurkeztuko duen salaketa babestuko dutela esan du.
Nafarretek semeak pilotakada jaso zuenean beste gazte batzuekin pikete batean parte hartzen eta foiletoak banatzen ari zela azaldu du.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak joan den osteguneko gertakariak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean eta, EA alderdiko kide batek Gasteizko gaztearen kasuari buruz galdetu dionean, Nafarretek pilotakada bat jaso zuela esatea “gezurra eta faltsua” dela erantzun du Aresek.
Nafarrete astebete izan zen ospitalean eta koagulu bat du buruan, oraindik ere. Esan duenarengatik Aresek atzera egin beharko duela uste du gaztearen aitak.
Datorren apirilaren 24an, Aresek Xuban Nafarreteri gertatutakoari buruzko azalpenak eman beharko ditu, EAk eskatuta.
Gaztearen familiaren esanetan, gertatutakoa salatzeko eta Aresen ikuspegia ezagutzeko eskatuko dute Herrizaingo sailburuaren agerraldia.

jueves, 12 de abril de 2012

Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen % 16k salaketa kentzen dute


EAEn emakumeen kontrako indarkeriagatik salaketa jarri zuten emakumeen % 15,85ek uko egin zioten prozesua jarraitzeari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zabaldu berri duen txostenean agertzen denez.
Iaz 4.125 salaketa jarri zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarkeria matxistagatik eta 645 kasutan salatzaileek uko egin zioten prozesuan aurrera egiteari.
2010ean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren memoriaren arabera, 5.678 salaketa jarri zituzten, eta gero uko egin ziotenak ia bostetik bat izan ziren, % 19.
Bi kasuetan, uko egin ziotenen portzentaia Espainiako batez bestekoaren gainetik kokatzen da, Estatuan 2010ean % 11koa izan baitzen eta % 11,54koa iaz.
Nafarroa da Estatu mailan indarkeria matxista kasuetan prozesua jarraitzeari uko egiten diotenen portzentaia altuena duena, % 22,14, eta bigarrena da EAE.

miércoles, 11 de abril de 2012

Iñigo Cabacas pilotakada batek eragindako zauriengatik hil zen


Autopsiak berretsi egin du Iñigo Cabacas pilotakada batek eragindako zauriengatik hil zela, Radio Euskadin aurreratu duenez.
Autopsiaren txostenak ez du argitzen zein distantziatara bota zen pilotakada, baina "metro gutxira" izan omen zela ondorioztatu du txostenak.
Lagunek lehen ordutik esan zutenari eutsi diote, hau da, zauriak pilotakadak eragin zizkiola, eta ondorioz, heriotza.

Athletic-Schalke joan den osteguneko partidaren ondoren Bilboko Maria Diaz de Haro kalean Ertzaintzarekin izandako istiluetan pilotakada bat jaso eta "leherketak eragindako garezur haustura eta garuneko lesio nabarmenak” zituen gazteak. Ordutik, "lasaigarrien eraginpean eta aireztatze mekanikoarekin", koma egoeran, egon zen, atzo hil egin zen arte.
Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen gertatutakoa argitzeko eta gaur egin dioten autopsiak berretsi egin du gomazko pilota baten kolpeak eragindako zauriengatik hil dela Cabacas.

Gaur goizean, heriotzaren kausa pilotakada bat izan dela ondorioztatuko balute Ertzaintzaren barruan "erantzukizunak zehaztu" egingo lituzketela iragarri du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, baina ez du informazio gehiagorik eman.
Datorren ostegunean agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren inguruko xehetasun guztiak emateko.

Iñigo Cabacasen aldeko hileta elizkizuna Bilboko Corpus Christi elizan egingo dute bihar, 19.00tan, Poza Lizentziatuaren kalean.


martes, 10 de abril de 2012

Gobernuak Osasunean eta Hezkuntzan 10.000 milioi aurreztea espero du


Gobernuak 10.000 milioi euro baino gehiago aurreztea espero du osasun eta hezkuntza arloan, bikoizketak ezabatuz, arrazionalizazioa ezarriz eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetuz.
Bilera izan dute gaur Moncloa jauregian Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, eta Osasun eta Hezkuntza ministroek.
Gainera, hezkuntzan eta osasunean iragarri duten aurrezkiez gain, hilabete honetan Europar Batzordean aurkeztuko duten 2012-2015 Egonkortasunerako Programa eta 2012ko Espainiako Erreformen Programa defendatu du Rajoyk.

Bestalde, erreformak indarrean jartzeko egutegia ezarri dute. Pribatizazioak, aldaketak, lehiakortasuna hobetzea eta ekonomia malgutzea lortu nahi dute era honetan, hala nola energiaren, alokairuaren eta ikerketa eta garapenaren sektoreetan.
Egonkortasunerako Programak defizit publikoa BPGaren % 3ra jaistea du helburu. Horretarako, koadro makroekonomiko bat jarriko dute, atzeraldiaren eta langabeziaren joera aldatuko duten erreformak islatuz.

Erkidegoen defizita BPGaren % 1,5era jaisteko konpromisoa ere islatuko dute programek.
Datozen egunetan, erkidegoek euren aurrekontuak egokitu beharko dituzte 2012ko Espainiako Aurrekontuak kontutan hartuz.

Haserrea eta hunkipena Iñigo Cabacasen heriotza dela eta


Iñigo Cabacas Liceranzu-ren heriotzak hunkitu egin du euskal gizartea, eta ekaitz politiko handia eragin du.

28 urteko gaztea atzo hil zen, ostegunetik koman egon eta gero. Hain zuzen ere, Athletic-Schalke 04 partidaren ostean zauritu zen, berak parte hartu ez zuen istilu batzuetan.
Harekin zeuden lagunen esanetan, Ertzaintzaren pilotakada batek jo zuen. Herrizaingo Sailak, baina, ez du hipotesirik baztertu, eta ezezagunek jaurtitako botila batek jo ote zuen ere aztertzen ari da.

Aresek berak premiazko agerraldia egingo du ostiralean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko.

Iñigoren hileta asteazken honetan egingo dute, 19:30ean, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean.

Iñigoren lagunek omenaldia egin zioten atzo arratsaldean, larri zauritu zuten lekuan bertan. Haiekin batera, mila pertsona baino gehiago elkartu ziren eta 15 minutuko isilunea egin zen. Leku horretan Athleticen banderak zeuden, eta "Ez dago eskubiderik. No hay derecho. Iñigo gogoan zaitugu" zioen pankarta bat. Bertan, lagunek lore-sortak eta kandelak utzi zituzten.

Interneteko erabiltzaileek ez dute sinesten Herrizaingo Sailaren bertsioa, eta Ertzaintzaren aurka egin dute. Gaia 'trending topic' izan zen atzo Twitterren, eta Facebooken "Justizia para Iñigo Cabacas Liceranzu" taldea sortu dute haren lagunek. Horrekin, justizia ez ezik, Ares sailburuaren dimisioa eta lekukoen laguntza ere eskatu dute. Athletic Clubek ez du adierazpenik egin gertatutakoaren inguruan, baina hainbat jokalarik doluminak adierazi dituzte Twitterren.

lunes, 9 de abril de 2012

153 lagun hil dira Sirian su-etenaren bezpera egunean

Siriako bake plana indarrean sartzeko egun bat falta zenean, 153 lagun hil dira, horien artean, 17 adingabe eta zortzi emakume Haman, koordinazio batzordeen arabera.

Gainera, Libanoko Al Jadeed telebista kateko kameralari bat hil da Libano eta Siriaren arteko mugan egon den tiroketan.

NBEren datuen arabera, orain urtebete hasi ziren istiluen ondorioz, 9.000 lagun hil dira, 200.000 baino gehiago joan egin dira eta 30.000 lagunek atzerrira alde egin dute.

martes, 3 de abril de 2012

Martxoan langabeziak gora egin du, eta 2.116 langabe gehiago daude


Guztira, 213.470 langabe daude Hego Euskal Herrian, iazko martxoan baino 16.614 gehiago. Nafarroan izan ezik (-%0,75), beste hiru lurraldeetan igo da langabezia. Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko datuekin alderatuta, hurrenez hurren, %9,05 eta %5,65 igo da langabezia.
Martxoan ere langabeziak gora egin du, eta Hego Euskal Herrian otsailean baino 2.116 langabe gehiago daude. Gaur eman ditu Espainiako Lan Ministerioak martxoko datuak, eta jakinarazi duenez, 213.470 langabe daude guztira, iazko martxoan baino 16.614 gehiago.
Martxoko langabeziaren datuetan albiste positibo bakarra Nafarroak eman du, lurralde horretan langabeziak %0,75 jaitsi delako, 392 langabe gutxiagorekin. Jaitsiera hori industria eta zerbitzu sektoreei zor zaie, eraikuntzan eta nekazaritzan gora egin baitu.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa, berriz, gora egin du. Azken bi lurralde horietan gainera, hurrenez hurren, iazko datuekin alderatuta %9,05 eta %5,65 igo da. Bizkaian martxoan bereziki zerbitzuetan igo da langabezia, 768 langabe gehiagorekin.
Datuak
Araba. Martxo bukaeran 25.267 langabe.
Otsailetik +438 (+%1,76), iazko martxotik +373 (+%1,50).
Bizkaia. Martxo bukaeran 91.055 langabe.

Otsailetik +1.328 (+%1,48), iazko martxotik +7.557 (+%9,05).
Gipuzkoa. Martxo bukaeran 45.596 langabe.
Otsailetik +822 (+%1,84), iazko martxotik +2.437 (+%5,65).
Nafarroa. Martxo bukaeran 51.552 langabe.
Otsailetik -392 (-%0,75), iazko martxotik +6.247 (+%13,79).
Hego Euskal Herria. Martxo bukaeran 213.470 langabe.
Otsailetik +2.196, iazko martxotik +16.614.

lunes, 2 de abril de 2012

Autismoaren Eguna

Gaur Autismoaren aldeko Eguna da. 
Goazen Ba! Elkartea pertsona guztien eskubideen alde dago. 

Gaur puxika urdinak protagonistak izan behar dira.