lunes, 16 de abril de 2012

Atentatuen egiletza aitortu, baina errugabea dela esan du Breivikek


Anders Behring Breivik ultraeskuindarrak joan den uztailean Norvegian izandako atentatuak berak egin zituela aitortu du baina "errugabea" dela adierazi du. Astelehen honetan sarraski hura argitzeko asmoz Osloko Auzitegian epaiketa hasi da. 2011ko uztailaren 22an  77 pertsona hil ziren Oslon eta Utoyan egindako atentatuetan. 

"Gertakariak egin izana aitortzen dut, baina ez erruduntasuna; neure burua defendatzeko egin nuen", erantzun dio Breivikek epaileari.

Segurtasun neurri handien artean heldu da Breivik Osloko Auzitegira. Epaiketa aretoan sartu den unean besoa altxatu du, agur faxista egiteko, eta epaimahaiari zilegitasunik aitortzen ez diola esan du. "Ez dut Norvegiako epaitegien zilegitasuna onartzen; kultura aniztasuna babesten duten alderdi politikoen aginduak jasotzen dituzte", argudiatu du.
Inga Bejar Engh fiskalak Anders Behring Breiviken kontrako akusazioa irakurri du saioaren hasieran. Ordu bete inguru iraun du, eta bertan, akusatuari egozten dizkioten "aldez aurretik pentsatutako 77 homizidioak" eta delitu terrorista ekarri ditu gogora. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario