martes, 10 de abril de 2012

Haserrea eta hunkipena Iñigo Cabacasen heriotza dela eta


Iñigo Cabacas Liceranzu-ren heriotzak hunkitu egin du euskal gizartea, eta ekaitz politiko handia eragin du.

28 urteko gaztea atzo hil zen, ostegunetik koman egon eta gero. Hain zuzen ere, Athletic-Schalke 04 partidaren ostean zauritu zen, berak parte hartu ez zuen istilu batzuetan.
Harekin zeuden lagunen esanetan, Ertzaintzaren pilotakada batek jo zuen. Herrizaingo Sailak, baina, ez du hipotesirik baztertu, eta ezezagunek jaurtitako botila batek jo ote zuen ere aztertzen ari da.

Aresek berak premiazko agerraldia egingo du ostiralean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko.

Iñigoren hileta asteazken honetan egingo dute, 19:30ean, Bilboko Corpus Christi elizan, Poza Lizentziatuaren kalean.

Iñigoren lagunek omenaldia egin zioten atzo arratsaldean, larri zauritu zuten lekuan bertan. Haiekin batera, mila pertsona baino gehiago elkartu ziren eta 15 minutuko isilunea egin zen. Leku horretan Athleticen banderak zeuden, eta "Ez dago eskubiderik. No hay derecho. Iñigo gogoan zaitugu" zioen pankarta bat. Bertan, lagunek lore-sortak eta kandelak utzi zituzten.

Interneteko erabiltzaileek ez dute sinesten Herrizaingo Sailaren bertsioa, eta Ertzaintzaren aurka egin dute. Gaia 'trending topic' izan zen atzo Twitterren, eta Facebooken "Justizia para Iñigo Cabacas Liceranzu" taldea sortu dute haren lagunek. Horrekin, justizia ez ezik, Ares sailburuaren dimisioa eta lekukoen laguntza ere eskatu dute. Athletic Clubek ez du adierazpenik egin gertatutakoaren inguruan, baina hainbat jokalarik doluminak adierazi dituzte Twitterren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario